Facebook Instagram
 

berriak

18/11/29

"Musika garaikideak asko du esateko"

"Ohore bat" da Etxarri Aranazko Abesbatzarendako NAK Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdian parte hartzea. Gainera, ohorezko eginkizuna izanen du jaialdiaren barruan: bukaerako kontzertua. Bihar izanen da abanguardiazko musika eta zinema uztartzen duen jaialdiaren amaierako kontzertua, Iruñeko Kondestable jauregian, 20:00etan. Musika korala abanguardiazko zineman da kontzertuaren izenburua.

"Abesbatza asko daude, eta guri esan digute". Alicia Armendariz Abesbatzaren zuzendariak Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiaren bukaerako kontzertua egitea "oso garrantzitsua" dela azaldu du. "Azken urteetako emanaldi garrantzitsuena dela esanen nuke".

NAK jardunaldia irailaren 21ean hasi zen, Iruñean. Musika garaikideko adituen elkarte batek antolatzen du, musika garaikidea aztertzeko xedearekin. Aurten, gainera, musika garaikidearen eta zinemaren arteko harremana aztertu dute. Jardunaldi diziplina anitzetako ekimen bat da; hortaz, besteak beste, bost aurkezpen, bi tailer eta bost kontzertu egin dira. Etxarri Aranazko Abesbatzak eskainiko duen kontzertua jardunaldiaren amaiera izanen da.

Etxarri Aranazko Abesbatzak jardunaldien "filosofiarekin" bat egiten duela azaldu du Armendarizek. "Puntako jardunaldi bat da. Proposamenak kalitate handikoak dira". Musika garaikidearen inguruko jardunaldien hirugarren edizioa da aurtengoa.

"Abesbatzan aspaldi hasi ginen musika garaikidea lantzen". Baita zinemako musika ere, izan ere, Disney ekoiztetxeko abestiekin kontzertu arrakastatsua eman zuen, besteak beste. Oraingoan, "zineman erabili den musika garaikidearen inguruko kontzertua da". Errepertorioa osatzea ez da erraza izan, "oso musika gutxi" omen dago. "Lan nekeza izan da, asko karrakatu behar izan dugu filmetan garrantzia duen musika topatzeko". Azkenean, 30-35 abestiko zerrenda osatu zuten eta horietatik errepertorioa osatu zuten.

Konpositore ezagunak

Daniel Lynch, Terrence Malick, Andrzej Wajda, Paolo Sorrentino edota Stanley Kubrick zinemagileen lanetan entzun daiteke Abesbatzak interpretatuko duen musika garaikidea. Zinemagile hauek oso "ausartak" izan zirela esan du Armendarizek, garai horretan erabiltzen zen musika "klasiko-erromantikotik" alde batera utzi zutelako eta garaikidea zen musika erabili zuten. Musika konformismoarekin apurtu zuten.

Beraz, abesbatzarako sortutako abanguardiazko musika zinema garaikidean zer esan duten obrak aukeratu dituzte. Samuel Barber, Arvo Pärt, John Taverner, Györgi Ligeti, Zbigniew Preisner, Arthur Honneger, Krzysztof Penderecki, David Lang eta Sebastian Monek dira, besteak beste, lan horien konpositoreak. "Lan guztiak abesbatzarako idatziak izan ziren, ez da adaptaziorik egin behar izan, eta batean abesbatza bat ateratzen da filmean ere".

Hogei pelikulatan baino gehiagotan agertzen den Samuel Barber konpositorearen lana azpimarratu du Armendarizek: "oso ezaguna da, imajinario kolektiboan dago haren lana". Gainera, Pendereckiren abestiaren interpretazioa kontzertuaren une "handia" izanen dela aurreratu du. "Oso lan handia da, eta prestatzea zaila izan da". Hala ere, autore guztiak "puntakoak" direla azaldu du Armendarizek.

Urte hasieran hasi ziren lanak irakurtzen eta "hainbat" hilabete daramate kontzertu honetarako entseatzen. Oso kontzertu garrantzitsua dela azpimarratu du Abesbatzaren zuendariak: "ohorea da guretzat, baita errespetua ere". Dena ongi ateratzea nahi du. "Musika garaikideak zer esateko handia dauka eta ez da entzuteko zaila. Aukera bat ematea gomendatzen dut".

Ibilbide luzea

Etxarri Aranazko Abesbatzak bihar eskainiko duen musika garaikidean oinarritutako kontzertua lehenengo aldia izanen da Nafarroan. Armendarizek aurreratu duenez, "osorik ez bada ere kontzerturako abestiak beste emanaldietarako hartuko ditugu".

La Coral de Etxarri Aranatz clausura el NAK con un concierto en Condestable

agenda

Ez dago gertakaririak agenda.

gune pribatua

kontaktua

628 077 822   |   info@coraletxarriaranaz.com